Etorkizuneko elkarbizitza eskoletan (II)

Aurreko artikuluan “Nola eta zein gaiekin (memoria, biktimak, samina, zergaitiak…) eraman behar da une honetan gatazkaren gaia eskolara” galdera erantzun nuen. Honetan, bigarrena erantzutea dagokit.

Zein ezaugarri beharko lituzke etorkizuneko elkarbizitza eredu berriak (…iragakenoka errepika ez dadin)

Orain dela gutxi, gizartea berradiskidetzeari buruzko argitalpen bat aurkeztu dugu. Joan den abenduan Open Space delako bat antolatu genuen. Bertan 200 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte, jatorri anitz eta ezberdinetakoak. Berradiskidetzeari buruz galdetu genien eta jasotako proposamenekin argitalpena jorratu genuen. Funtsean, gizartearen berradiskidetzerako eta bizikidetzarako 10 erronka jasotzen ditu. Laburbilduz, hiru erronka nagusi azpimarra ditzakegu:

1- Memoria, egia eta eragindako kaltea aitortzea

Gizarteak eta erakundeek gertatutakoa ez ahazteko betebeharra dute. Memoria partekatua laburra eta zehatza izango da, baina balorazio etiko bat bildu beharko du, giza duintasunaren errespetuan oinarrituta.

Kontatu eta argitu egin behar da azken urteotan gertatu denari buruzko egia guztia. Etorkizunean giza eskubideen urraketarik ez errepikatzea da helburua.

Beharrezkoa da halako autokritika kolektibo bat egitea, iraganean Giza Eskubideen urraketan izandako erantzukizunari buruz.

2- Humanizazioa eta kultura politiko berria

Giza Eskubide guztiak eta oinarrizko askatasun demokratiko guztiak errespetatzeko moduko esparru bat sortu behar da.

Azken urteotako kultura politiko nagusia errotik aldatzea beharrezkoa da. Alde batera utzi behar dira zatiketa eragiten duten hizkuntza eta jarrerak. Bestelako esparru bat adostu behar da harreman politikorako. Errespetuan, desberdintasunen onarpenean eta elkarlanerako borondatean oinarritu behar da.

3- Gure gatazken kudeaketa baketsu eta demokratikoa

Euskal gizartea anitza da eta etorkizunean ere anitza izango da. Orain arte desberdintasun horiek era hondagarri edo destruktiboan kudeatu ditugu. Etorkizunari begira, metodo baketsu eta demokratiko bat zehaztu beharra dago, desberdintasun politikoei irtenbide berriak bilatzeko. Horretarako ardatzak izan behar dira: elkarrizketa, adostasuna, inor ez baztertzea eta elkarlana.

Berriz ere lehendabiziko galderara itzuliz, eta guzti honekin lotuta, zer nahi dut nire semeek ikastea?

1- Gertatutakoa desastre hutsa izan da. Sufrimendu asko egon da. Ideia edo helburu politiko batek ere ez du hainbeste atsekabe merezi.

2- Giza eskubideekiko eta askatasun demokratikoekiko errespetua bizikidetzaren oinarria da.

3- Gatazken konponbidea elkarrizketan, adostasunean eta inor ez baztertzean oinarritzen da.

Bake justu eta iraunkor bat lortzeko zabaldutako aukera baliatzen badugu, oinarrizko adostasunetara heltzeko gai bagara, hurrengo belaunaldiei oinordetza ona utziko diegu. Erronka polita eta zirraragarria dela uste dut, denontzat: irakasle, gizarte mugimendu, alderdi politiko eta gizarte osoarentzat.

[ratings]

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.