Pasa den astean Ikastolen Elkarteak antolatutako jardunaldi pedagogikoetan egon nintzen. Aurtengo gaia elkarbizitza zen eta horri buruzko mahai inguru batean hartu nuen parte, Josu Urgarte (Bakeaz), Monika Vazquez (Unesco Etxea), Maria Oianguren (Gernika Gogoratuz) eta Fabian Laespadarekin (Bakearen Aldeko Koordinakundea).
Mahai-inguruaren moderatzailea zen Xabier Oleagak bi galdera proposatu zizkigun: 1) Nola eta zein gaiekin (memoria, biktimak, samina, zergaitiak…) eraman behar da une honetan gatazkaren gaia eskolara eta 2) Zein ezaugarri beharko lituzke etorkizuneko elkarbizitza eredu berriak (…iragakenoka errepika ez dadin). Hona hemen nire erantzunak.
Nola eta zein gaiekin eraman behar da une honetan gatazkaren gaia eskolara
Duela hilabete bat gai honi buruz nire semeen Ikastetxeko irakasleekin hitz egiteko aukera izan nuen. Aro berri batean gaude. Eskola, gizartearen zati garrantzitsu bat, ezin da gai honetatik kanpo egon. Hori bai, irakasleak arduratuta daudela sentitu nuen. Ez zeukaten argi zein izan behar zuen bere ekarpena.
Iraganean eskolak bakearen aldeko lanean inplikatzeko saiakera ugari izan dira. Adibide berriena Eusko Jaurlaritzaren proposamena da. 2010ean aurkeztu zuten eta eztabaida ugari piztu zituen. Gertatutakoaz zeozer ikasi genuela uste dut: ezin da eztabaida politikoa eskolara eraman.
Arazoak konpontzearen ardura, nagusiki, instituzioena da. Gizarteak ere parte-hartu behar du, eskola barne. Baina instituzioek balditzak sortu behar dituzte. Baldintza hauek gainera adostasuna izan behar dute oinarri. Eskolak ardura bat dauka, ikasleak hezitzea, baina ez dauka instituzioek konpondu ezin izan dituzten arazoak konpontzeko ardura. Maila politikoan memoria, biktimak, kontakizuna, etabarrei buruzko adostasunik ez badago, ezin dugu espero eskolak adostasun horiek lortzea.
Beraz, garrantzitsuena alderdi eta instituzioen arteko oinarrizko adostasun bat egotea da. Bakearen aldeko hezkuntzari buruzko oinarrizko printzipio batzuk definitzen badira, horrek eskolen lana erraztuko du.
Edozein kasutan eta alderdien arteko adostasuna heldu bitartean, eskolak bizikidetzaren aldeko ekarpen garrantzitsua egin dezake. Nire semeengan pentsatzen badut bi gauza ikastea gustatuko litzaidake:
– Errespetatzen ikastea. Pertsonak ezberdinak garela ikasi behar dute. Bakoitzak bere ideiak, helburuak, ametsak, proietuak eta identitatea dauzkala. Orain arte ezberdinaren aurka egitearen kultura batean bizi izan gara. Desberdin pentsatzen zuena etsaitzat jo dugu. Etsaia menperatzeko edozer gauza onar zitekeela pentsatu izan dugu. Ideia hori aldatu behar da. Bestea pertsona ezbedin bat besterik ez da. Zera ulertzen ikasi behar dugu: askotan ez garela ados egongo, baina horrek ezin duela justifikatu elkarren artean errespetuz ez tratatzea.
– Parte-hartzen ikastea. Zergatik erabakitzen du pertsona batek giza eskubideak urratu behar dituela bere helburu politikoak lortzeko? Parte-hartzeko ikasketak falta zaizkigu. Ikasleekin batera ariketa bat egitera animatzen zaituztet. Aldarrikapen bat proposa iezaiezue. Adibidez, bere herrian gazte-gune bat zabaltzea. Gero, hori lortzeko zer egin dezaketen galdegiezue. Erantzuten dakite? Hezkuntza demokratikoa falta zaigu. Instituzioak nolakoak diren irakatsi beharrean, gizartearen mobiliazazioaren bidez parte-hartzeko, instituzioak presionatzeko, herritarren parte-hartze zuzenerako ezagutza eta erremintak eman beharko lirateke. Hori oso garrantzitsua da. Modu baketsu eta demokratikoan parte-hartzeko ezagutzak eta erremintak izanez gero, zailagoa izango da baten batek biolentzia erabiltzea erabakitzea.
[ratings]